XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EFT: Subjektuari irudi sinple bat erakusten zaio eta hori irudi konplexu batean aurkitzeko esaten.

Irudi sinplea mozorroturik dago.

Non dagoen jakiteko, irudi konplexuaren egitura apurtu eta berregituratu egin behar da.

Test honetan irudi sinplea konplexutik askatzeko zailtasunak dituztenak berak dira, beste testetan gorputza gelatik eta barratxoa markotik bereizteko zailtasunak dituztenak: Eremuarekiko Dependente deituak.

Problemak ebazteko ariketa batzuetan, zati bat testuinguru batetik bereizi beharra gertatzen da.

Soluziobidea aurkitzeko, elementu bat hartu, bere testuingurutik atera eta beste testuinguru ezberdin batean berregituratzeko gaitasuna behar da.

Eremuarekiko Dependenteek horretarako zailtasun gehiago dutela ikusi da.

Erreflexibitate-inpultsibitatea da bigarren estilo kognitibo aztertuena.

Inpultsiboek lehenik erantzun eta gero aztertzen dute asmatu duten ala ez.

Kanpoko estimuluen aurrean berehala erreakzionatzen dute.

Erreflexiboek erantzun aurretik erreflexionatu egiten dute.

Erantzun posibleak aurrez ebaluatzen dituzte, erantzun okerrak baztertzeko.

Irtenbide asko dituen egoera baten aurrean jartzen badugu subjektua, berehala nabarmenduko da erreflexiboa ala inpultsiboa den.

Ariketa errazen aurrean ez da diferentzia nabarmenik ikusten erreflexibo eta inpultsiboen artean, baina ariketak zailak direnean bai.

Orduan konzentrazio gehiagoz jokatzen dute erreflexiboek.

Estilo Kognitiboetan eragiten duten faktoreak aipatzen hasita, bat baino gehiago azpimarra litezke.

Alde batetik. faktore biologikoak daude.

Adibidez, Eremuarekiko Independenteek garunaren espezializazio hemisferiko handiagoa agertzen dute. Eremuarekiko Dependenteek, alde biko orientazio handiagoa.

Hezkuntzak ere badu zerikusia.

Hezkuntzan haurraren funtzionamendu autonomoa bultzatzen bada, Eremuarekiko Independenteagoa izango da hura.

Kanpoko arauekiko gehiegizko begirunea azpimarratzen denean, besteengandik bereizia den nortasunik ez da garatuko.

Eremuarekiko Dependente direnen gurasoek gehiago kontrolatzen dituzte beren haurrak, beren haurren jarduerak gehiago orientatzen dituzte.

Haurra ez dute bultzatzen hainbeste ardura hartzera.

Eremuarekiko Dependente direnen amek jokaera inpultsiboagoa eta arbitrarioagoa erakutsi dute, besteek baino.

Eremuarekiko Dependenteen amek konfiantza gutxiago dute berengan eta beren ama izateko gaitasunean, eta horrek haurraren garapen autonomoa galaraztera daramatza.

Familia batean, aitaren ausentziak oso luzeak direnean, haurraren dependentzia gehitu egiten da, aitaren faltagatik amarekiko gehiegizko menpetasuna sorrarazten baitzaio.

Garapen garaian aita luzaz faltatu izan bada, horrek Eremuarekiko Dependentzia sortu izan du, bai mutilengan eta bai neskengan.